Martxoak 27, eguerdiko hamabietan Portugaleteko Gazte Asanbladak deituta 100 gaztek okupazioaren aldeko kalejira bat burutu dute alde zaharreko kaleetatik. Ondoren Koskojales kalean kokatuta dagoen etxebizitza bat okupatu dutelarik
Ongi etorriak izango zarete “KOSKOENEA GAZTETXEA”REN ATEAK PAREZ-PARE ZABALIK AURKITUKO DITUZUE! HERRI BAT, GAZTETXE BAT!!!
KOSKOENEA AURRERA!
Pasa den larunbatean, Portugaleteko Gazte Asanbladak Koskojales kalean hutsik zegoen eraikin bat okupatu zuen. Eraikin hutsik hau, gaztetxe bihurtu dute. Momentuz, egundoko lana egin dute garbitzeko, eta laguntza ez da soberan izango, noski. Hitzetatik ekintzara pasatu diren gazte hauen deialdietara adi egon behar gara, Portugaleteko gazteriak beste etorkizun bat merezi duelako. Gaztetxe berria «Koskoenea» izendatu dute.
PGAren oharra:
Gaur, Martxoak 27, Portugaleteko Gazte Asanbladak hainbat urtez hutsik zeraman etxebizitza bat okupatu du Alde Zaharreko Koskojales kalean.
Udalak gazte isil, pasibo eta kontsumistak nahi ditu. Gu, Gazte Asanblada, ez gatoz bat inposatu nahi izan diguten bizitza ereduarekin. Portugaletek, eta Euskal Herriak, pairatzen duen sistemaren bitartez (arlo sozial, ekonomiko eta politikoan) gazteon etorkizuna baldintzatu nahi dute, baita hein handi batean lortu ere. Ballonti merkatal gunean nahi gaituzte, hirigunetik kanpo, etengabe erosketak egiten, kontsumitzen, isilik…
Baina ez, ez dute lortu, ezta lortuko ere. Portugalete gazte aktibo, kritiko eta askez beteta dago. Honen erakusgarri dugu Gazte Asanblada. 2 urte luze daramatzagu kalean, alternatibak eraikitzen, gurea ere den herria eraldatzen. Hamaika ekintza burutu ditugu (Solstizio gauak, bideo-emanaldiak, hitzaldiak, kalejirak…), baina hauekin jarraitzeko ezinbestekoa dugun lanabesa GAZTETXEA da.
Pausoa ematea erabaki dugu. Denona izan behar duen espazio autogestionatua eraikitzen hasi gara. Alde Zaharrak, eta Portugaletek, behar duen erreferentziazko gune kulturala bihurtuko dugu, Udalaren inolako eskusartze eta inposaketarik gabe. Horretarako denok gara beharrezkoak, bai gazteok baita auzokideak ere. Gu arduratuko gara hilda eta hautsez beteta zegoen etxebizitza hau garbitu eta bizirik mantentzeaz. Udalak zuri-beltzean hainbat urtez margotzen saiatu den kale hauek hamaika kolorez pintatuko ditugu! Denon artean egiten badugu denona izango da!