Mila lagun inguru bildu dira gaur arratsaldean Donibane Garazin, euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko egin den manifestazioan. Estatuek «salbuespen neurriak» bertan behera utz ditzaten presio egiteko deia egin dute.
21/05/2011 18:06:00

DONIBANE GARAZI-. «Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean egin dute manifestazioa gaur arratsaldean Donibane Garazin. Martxaren buruan euskal presoen 150 argazki inguru zihoazen, senide eta lagunen eskutan.
Herriko kaleak zeharkatu ondoren, amaierako ekitaldian Etxerateko bi kidek eta Askatasunako ordezkari batek hartu dute hitza. Horren aurretik, ordea, aurreskua dantzatu dute presoen argazkien aurrean.
Etxerateko kideek presoek eta iheslariek bizi duten egoera gogoratu dute. Espetxean hogei urtetik gora daramatzatenen izenak aipatu dituzte eta bertaratutakoek txaloekin erantzun diete. Estatu frantses nahiz espainolean senide presoak dituzten Ipar Euskal Herriko 27 familien izenak esan dituztenean ere txalo zaparrada jaso dute.
Askatasuneko ordezkariak mobilizazioaren beharra nabarmendu du, Gobernu frantses eta espainolari salbuespen neurriak bertan behera utz ditzaten presio egiteko.