Aurten Euskal Herriko Bilgune Feministak 10 urte betetzen ditu eta hori ospatzeko Leitzara bueltatuko gara. 2001. urtean Emakume Abertzaleon I. Topaketa Feministak egin genituen bertan. Emakumeon egoeraren gaineko diagnostikora hurbildu eta borroka feministan egon zitezkeen beharrak identifikatzen saiatu ginen.
Dinamika feminista berri bat eremuz eremu, sarean eta bakoitzaren lan eta borroka esparrutik abiatuko zena sortzeko erabakia izan zen ateratako ondorio nagusia. Eta handik urtebetera, Bilgune Feminista sortu genuen.
Martxoaren 2, 3 eta 4rako Emakume Abertzaleon V. Topaketa Feministak antolatzen ari gara, 10 urte hauetan egindako ibilbidearen balorazio bat egin eta aurrera begira gure eskaintza politikoa zein izango den zehazteko asmoz.
Bertan, egun daukagun egoera politiko eta sozio ekonomikoarekin ezinbestez landu behar diren gaiak jorratuko ditugu. Hiru mahainguru nagusi izango dira: Prozesu demokratikoa eta emakumeon hitza: han eta hemen (nazioarteko esperientziak ezagutu eta gurean fintzen joateko tartea), Eredu ekonomiko eta sozial feminista eraikitze bidean, gaurdanik urratsak emanez, eta Independentzia dugu bidea, eta helburua: Euskal Herria feminista. Hauetaz gain tailer eta eztabaida anitzetan parte hartu ahal izango dugu: zaintza, elikadura subirautza, prostituzioa, osasuna, emakume presoak, autodefentsa feminista, hezkidetza, sexualitatea,… Gainera emanaldi, kontzertu, poteo eta festarako denbora ere izango dugu.
Guzti hau antolatzen ari garen feminista guztiok ilusio handiz espero dugu data. Bertan etengabe lantzen ari garen emakume anitzen sarea eraikitzen jarraituko dugu. Denon artean barreak, negarrak, sorpresak, haserreak, agobioak, eta batez ere momentu onak partekatuko ditugu. Amestutako Euskal Herri feministara egiten ari garen bidea jarraituz.
Branka