Itziarren Semeak eta Pirritx eta Porrotxek 7Katu Gaztetxeare bosgarren urteurrena ospatzeko kanta kaleratu dute. Asteburu honetarako urteurrenaren ospakizuna antolatu dute eta Alde Zaharrean zein Gaztetxean egitasmo ezberdinak burutuko dituzte.
Asteburu honetan aurkeztuko dute Itziarren Semeak eta Pirritx eta Porrotxek 7Katu gaztetxearen urteurrenerako egin duten abestia. Horretarako, asteburuan zehar antolatu diren egitasmoen artean Itziarren Semeaken kontzertua egongo da larunbat gauean Gaztetxean bertan.
7Katuk bost urte bete ditu sentituz, pentsatuz eta okupatuz. Hiru hitz hauek aukeratu dituzte Gaztetxeko kideek euren bost urteetako ibilbidea deskribatzeko. 7Katuren proiektua sentitzen duten gazteak direla azaldu dute, bizi eredu eta ideia batzuen alde nahi dutena egiteko eta lortzeko “gai direla sentitzen dutelako”. Orain arte jasan dituzten “golpeen” aurrean argi utzi dute “haien ametsek eta sentimenduek dirauten bitartean geldiezinak” direla.
Pentsamenduak garrantzi berezia du haientzat “bost urte hauetan koherentziaz jarduten ahalegindu” direlako, auzoarentzat zer nahi duten eta zer behar den pentsatuz. Lan modu ezberdinak sortu dituztela azaldu dute eta akatsak izan badituzte ere, bost urtetan gauzak era egokian egiten ikasi dutela argi dute.
Baina okupazioa da euren identitatea, “sentipena eta pentsamendu guztiak adierazteko tresna”. Okupazioa eskaintzen ez dieten guztia lortzeko bidea dela diote, baita “ilusioz eta lanaren eraginez edozein gauza lortzeko tresna indartsua” ere.
Guzti horren aurrean eta bosgarren urteurrena ospatzera doazenean, “inoiz baino indar gehiagorekin” ikusten dute euren burua 7Katuko kideek eta gehiago hazteko asmoa erakutsi dute.
Bosgarren urteurrenaren ospakizuna asteburu honetan izango da, hilaren 26, 27, 28 eta 29an, “5 urte sentituz, pentsatuz… okupatuz” lemapean. Egitasmo ezberdinak egongo dira, ekintza kulturalak, kontzertuak, bazkariak eta jai giroa orokorrean.
Okupazioaren aldeko manifestazioa
Asteburu luze eta berezi honek bigarren data garrantzitsua suposatuko du Okupazio Mugimenduarentzat. Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan, Arriagako plazatik okupazioaren aldeko manifestazio nazionala abiatuko da “Gure ametsak dirauen bitartean zuenak egin du!” lemapean. 19:00etatik aurrera, Alde Zaharra okupatuz ekimena burutuko dute 7Katuko kideek, kale animazioa, bertsolariak, DJak eta abar kaleetan barrena egongo direlarik.
Branka