2019ko udan, esker abertzalean eta erreformismoaren zenbait sektoretan, Ikuspegiak izeneko gure trilogiaren lehen bi zatiak eztabaidatu ziren. Azpimarratu nahi dugu komenigarria dela lehenik bi zati hoiek irakurtzea (https://boltxe.eus/2019/02/19/ikuspegiak-i-perspectivas‑i/ eta https://boltxe.eus/2019/09/02/aurrerantz-11-ikuspegiak-ii-perspectivas-ii/), azken bederatzi hilabetetan emandako garapena, bertan esaten genuena eta hirugarren zati honetan defendatzen duguna erkatu ahal izateko. Hemen azken paragrafoa jarriko dugu:
Ikusten dugunez zailtasunak zinez handiak dira. Baino atzera begiratuta, azken 8 urteetan benetako dinamikan aurrerapauso esanguratsuak ikusten ditugu zentzu guztietan. Gogoan izan duela zortzi urte herri langilearen greba deialdi masiboak bertan behera geratu zirela, Estatuari barkamena eskatu eta legeak onartzen hasi zitzaizkiola, herri mugimenduari burua moztu eta militantzia iraultzailearen zati handi baten borrokarako prestutasunaren gainbehera etorri zela.
Hirugarren eta azken atalean, bateratze eta erakundetze batera iristeko zenbait proposamen garatuko ditugu.
Gertakizunek agintzen dute. 2019ko udatik garatzen ari diren kontraesanek kapitulu bat gehitzera behartu gaituzte. Hirugarrenarekin amaitu behar zen trilogia baino EAEn apirilaren 5erako aurreikusita dauden hauteskundeen ostean jarraipena izango du. Bada, zergatik luzatzen dugu? Ez da baskongadetako burgesiak, egun dituen eta kontrolatu ezin dituen arazo andanak presionatuta, hauteskundeak aurreratu dituelako. Ez da Nafarroako Gobernua, euskal kutsuko erregionalismoak eta erreformismo abertzaleak babesturik PSOE‑k bertan duen sukurtsal hori, Madrilen erabat gutxiesten dutelako. Are gutxiago EH Bildu irrintziz zurituriko «abertzaletasun konstituzionala» finkatzen laguntzen ari delako. Ezta Macronek Iparraldean eskubide sozialen murrizketa bortitza inposatu duelako ere… Joera hauek aurreikusita zeunden, erraza zen gauzatzea indar harremanak eta egoera kontuan hartuta. Eta halaxe gertatu da.
Euskal kapitalismoa suntsitzen ari diren kontraesanek hartzen dituzten forma guztiek kezkatzen gaituzte, eta horrexegatik, formaren analisitik –EAJ, PSOE, PP bezalako alderdien ustelkeria adibidez– edukiaren kritikara pasa nahi genuke: Ustelkeria kapitalismoak oro har, eta Euskal Herrian bizi den burgeseriak zehazki, bere mozkinak handitzeko duen beharraren isla da. Esaterako, burgeseria eta bere erakundeen ustelkeria gabe, ez lirateke Zaldibarko ezbeharrean bezala langilerik hilko –«lan eremuko erailketak». Ustelkeriaz gain, 2019ko udatik hona marraztu genituen bi lerroen arteko talka indartu da: lehen mailakoa, gizarteak okerrera egitea, eta bigarren mailakoa, Madrilgo Gobernuak tarte baterako arnasa hartu izana, Podemosen makulu eta beste indar batzuen babes zuzen edo zeharkakoaren bidez.
Mendebaldeko inperialismoan isileko borroka bat ari da gertatzen eta Eurasiaren garapena gelditzea du helburu. Lehendabizi Afrika, Latinoamerika, Erdialdeko Asia eta Indian, eta gero munduan. Inperialismo barruan ere potentzia handiak borrokan daude, Eurasia garaitu eta mundua berriz menperatzen dutenerako, harrapakinaren ahalik eta zatirik handiena bereganatu nahian. Erraldoien arteko borroka honetan Espainiako estatua zoruan ostiko jotzen hasteko eskubiderik ez duen ipotx pasibo bat baino ez da, baino militarki bere kokapen geografikoagatik balio estrategiko handia eta nazioarteko finantza kapitalek barkatuko ez dioten zor garrantzitsu bat duena. Dena den, zerbitzuetan indartsu baino industria mailan ahula den ekonomia bat eta nazio-estatu kohesio ahula izan arren, nazioartean pisu politiko jakin bat dauka eta potentzia handiek bere aldera eramatea beharrezko dute, batez ere mundu mailako ekonomia ahultzen ari delako, eta horrekin batera europarra –oraindik neurtu gabe dauzka Brexit-ak suposatuko dion galera, Koronabirusa, Ekialde hurbileko tentsioa…– eta ondorioz, espainiar eta euskal ekonomia baita ere.
Oso datu argigarria da honako hau: Estatu espainiarraren pean bizi den herritar bakoitzak finantza kapitalari 23.332 euro zor dizkio, burgeseriaren esanetan beraien Estatuak duen zor publikoaren norbanako zatia alegia, eta beraien kabuz2019an % 4,8 handitu dute. Kapitalak oro har, eta estatu mailakoak bereziki, ederki daki zapaldutako klase eta nazioek ez dutela inolako hobekuntzarik eduki, zor horrek klase zapaltzailea aberasteko baino ez duela balio izan, baino zapaldutakoei ezarriko diete berriz ere zama hori. Nola egingo dute? Mila modutara behartuz, dirua ateratzeko bizitza guztian zehar kolpeak emanez, eta hau gutxi balitz, hil da gero bere ondorengoei.
Behin eta berriro aipatu ditugun egiturazko baldintza hauetan, Estatu espainiarrak nolabaiteko lasaitasun ezegonkorra lortu du bere helburuak gauzatu ahal izateko. Lehengoa bere botoen poltsa zulatua handitzea, aliantza ezegonkor eta zailak saihesteko. Horretarako sektore herrikoiengan sinesgarritasuna berreskuratu behar du, mobilizazio handiek eskatutako zenbait premiazko erreforma eginez; Katalunia, Euskal Herria eta Galiziako klase ertain eta txikiak erosteko sistema hobetu behar du, eta zentralismo muturrekoak odolustu eta zorpetu dituen indar erregionalistak erakarri behar ditu; pozik utzi behar du kapitala erreforma horiek bere mozkinak ez dituztela kaltetuko bermatuz, eta kasurik okerrenean etorkizuneko Espainia hobe eta kapitalistago bat lortzeko inbertsio bezala ikusi ditzaten; Bruselarekin negoziatu behar ditu baldintzak eta Trump lasai mantendu, bere base militarretan nahi duena egiten utziz.
Eserleku gutxi eduki arren, gobernuak baditu karta onak: Estatuan zehar lurraldeka daukan boterea; EAJ, Compromis eta BNG-ren baldintzagabeko babesa…; Kataluniako tarta hobeto banatzeko, ERCk sutsuki, eta publizitate gutxiagorekin bada ere, JxCat-ek dauzkaten gogoak; gizarte multzo ezberdinen artean neofaxismoari eta trifatxitoari dagoen beldurra; PPren barruan dauden tentsioak, Galiza Vaskogada eta Katalunian udaberri eta udazkenean izango diren hauteskundeetan lehertu daitezkeenak; Espainiako elizak ultraeskuinetik erdialdeko eskuinera egindako aldaketa Bartzelonako kardinala gotzain-batzarreko buru izendatzean… eta abar. Baino batez ere indar erabakigarriak dauzka: CCOO eta UGT eta Podemos, iragarrita zegoen bezala eta lotsarik gabe «erakunde politikarako enpresa» bezala aitortuz bere burua, eta «lan parlamentarioa» egiterakoan bere langileen fideltasuna ziurtatuz, burokrazia eta soldata onen bidez.
PSOE-UP gobernuak 2020 urte amaiera arte dauka, hauteskunde autonomikoen zikloa amaitu arte; orduan ikusiko da argiago nola doan Estatu mailako kapitalismoa eta ea PPk Cs irensteko eta VOX-en hazkundea gelditzeko edo bere interesen arabera zuzentzeko ahaleginak ze emaitza ematen dituen, bere aliatu garrantzitsuenetako batek, Elizak, zentro-eskuinera biratu duen honetan; ea mundu mailako kapitalismoak norantz egiten duen, geldialdi ekonomikoa, Koronabirusa, Brexita, Estatu Batuetako hauteskundeak, gerra komertzial eta teknologikoak, lurraldetasun gatazkak eta Mendebalde eta Eurasiaren arteko eta Mendebalde barruko gatazkek eraginda, eta ea ze ondorio dituen petrolioaren prezioan.
Eboluzio hau PSOErentzat onuragarria bada, bere boterea handitu eta Podemos-UP eta trifatxitoa ahulduta aterako dira, baino ez da baztertzekoa hauteskundeak aurreratzearekin mehatxu egitea 2021 amaierako momenturen batetik aurrera, edo 2022 hasieran, era horretan Podemos-UP gobernutik bota ahal izateko, bakarrik gobernatzen hasteko eta hurrengo urteetarako botoei errentagarritasun handiagoa ateratzeko; eta ez badu horrenbesterako ematen, «kide» ezerosoa eta gainerako alderdiak estutu eta Estatu eta Europa mailan PSOE babesten duen joera burgesarentzat garrantzitsuak diren erreformak onartzera bultzatzeko moduan egongo da gutxienez, Europa mailan dauden burgesen barne borroketan argi eta garbi yankizalea den beste joera geldiarazteko alderdi sozialista erabiltzen baitute. Etorkizuna iragarri nahian ari gara, baino edonola ere, gertakizun hauek PSOE eta europar sozialdemokrazia eta bere nazioarteko proiektu kapitalista indartzea ekarriko lukete.
Ezarritako errealitate berri honetatik hobeto ulertu ahal izango ditugu, oraingo atal honen, eta bereziki hauteskunde ostean egin asmo dugun laugarren atalaren, azterketa jarraitu ahal izateko funtsezkoak diren lau gauza.
Lehena oinarrizkoa eta erabakigarria: Baliteke urtarrilaren 31ko greba duela urte batzuk kapitalismoan gertatutako aldaketei erantzuteko klase borrokaren garai berri baten hasiera izatea. Bere eragin sozial eta politikoa kualitatiboa izan da, nazio mailako klase zapalkuntzaren oinarrira jo baitu, eta ondorioz, proletalgoaren eta langileriaren interes eta kontzientziaren oinarrietara. Grebak zapalkuntza guztiak eta horietako bakoitzak kolpatutako gizataldeak mobilizatu ditu, eta zapalkuntza bakoitzak kapitalarekin bateragaitza den oinarri-oinarrizko kritika egin dio. Ondorioz, etorkizunerako potentzial handia dauka.
«Baliteke» nazio eta klase askapenerako borrokaren fase berri bat izatea, diogu, ez baita guztiz ziurra horrela izatea. Ikus dezagun. Nahiz eta klase borroka modu zehatzak hazten ari direla ukaezina den, batzuk eta besteen artean ez dago loturarik, batasun estrategikoa falta da, eta are okerrago, ez dauka herri langileak sortutako erakunde iraultzaile eta langile baten barne bizkarrezur politikorik. Gabezi honek eta beste batzuk klasearen muinean burgeseriaren dominazioa errazten dute, bost bide hauek erabilita gutxienez:
Lehena: «Demokratizazio»-arekiko men egite fetitxistak dituen erro sendoak, eta hartzen dituen itsura ezberdinak ‑estatutuarena Baskongadetan, forala Nafarroan eta errepublikarra Iparraldean-langileriaren baitan dagoen abertzaletasun espainiar eta frantsesaren presentzia errotua ahaztu gabe. Bigarrena: ELAren proiektu politikoaren ahultasuna eta LABek erreformismo abertzalearekiko duen menpekotasuna, borrokarako prest dauden baseek ez daukatelarik egunerokoan forma ezberdinak hartzen dituen erreformismoari aurre egiteko estrategia iraultzailerik. Hirugarrena: Herri mugimenduak bere osotasunean duen ahultasuna, klase borroka bateratuaren bi oinarrizko osagaien ilusioa geldiaraziz, gaur egungo kapitalismoaren testuinguruan. Lau: EH bilduren klaseartekotasunaren, demokratikotasunaren eta hiritartasunaren demagogiak, herri langilearen sektore ezberdinengan Kapitalaren erakundeekiko eta Estatu zapaltzaileekiko men egite fetitxista indartzea baino ez du eragiten. Eta bost, eragile antolatzaileen dokumentua bera. Bere Aldarrikapen taulak zirrikituak ditu, eta burgeseriarekin adostasunetara heltzeko prest dauden sektoreak sartzea, edo barrutik mugimenduaren norabidea aldarazi, zatiketa eragin edo geldiarazi dezaketen indar soziopolitikoak sartzea ahalbideratzen du.
Bi, guzti honi EAJ eta PSOEren arteko aliantzen inguruko propaganda gehitu behar zaio. Estatutuaren eta Foru garapenaren inguruko promesak, herri langileak kapitalaren instituzioetatik konstituzio monarkikoa «demokratizatu» daitekeela onartzen baldin badu. Jota-ke ari dira inoiz iritsi ez eta atzera egiten duten hobekuntza sozialak aginduz, baino langile sektore ugari pazientziazko itxaronaldian mantenduz, ezker abertzale iraultzaileak zailtasunak dituelako independentzia eta sozialismoaren aldeko borroka teoriko eta etiko bat garatzeko. Hegoaldean indar errepresiboak legitimatzea, Ertzaintza eta Foruzaingoa, sistemarekiko alienazioren parte da. Mendebaldeko eta Europako inperialismoaren apologiak langile klasean internazionalismoa baztertzea du helburu, ez dadin izan independentziaren alde eta Europar Batasunaren kontra eraiki daitekeen Europa sozialista konfederatu baten aldeko estrategia iraultzaile baten oinarri.
Hiru, guzti honen aurrean EH Bilduk espainolismo erreformista eta burokratikoenaren ordezkari ezagunak bere baitan sartzeko emandako pausoak, herri langileriaren sektore ezberdinak mobilizaziorik eza eta geldotasun instituzionalera lotzeko presioa areagotzea baino ez dakar. Estatu mailako prentsan eztabaida dago, EH Bildu hegoaldeko «Ezkerraren Etxe Komun» bilakatzeko moduen inguruan. «Etxe Komuna» beti izan da erreformismo ez horren bigunak, erreformismo bigunaren zuzendaritza hartzeko amu paregabea. Euskadiko Ezkerrak bere usteltzea azkartu zuenean Euro-komunismoarekin batu zen, modu horretan 1993an PSOE-ren «Etxe komunean» sartzeko atea zabalduz, beste batzuk EAJren beste etxean sartzen ziren bitartean. Pixka bat lehenago, 1990ean oraindik Santiago Carrillok zuzentzen zuen PCEren sektore batzuk eskumatik aurreratu zuten amore emateen maisua, PSOEren etxe komunean sartuz S. Carrillo bera baino urte bete lehenago. Apurka apurka ETAko beste zenbait militante ohi sartuko ziren.
EH Bilduren maniobra honen funtsa ez dago izenean, bere filosofia eta bideragarritasunean baizik. Filosofi hori beti egon da abertzaletasun sektoreen artean, klasearteko demokratikotasun abstraktuaren itxura hartuz 2018ko abenduko «Demokrazia Bai» kartan, kasta politikoko pertsona ezagunek sinatua, horietatik bi gutxienez EH Bilduko eztabaida proposamena sinatu duten berdinak izanik Bideragarritasuna aldiz, erreformismo abertzalea demokrazia konstituzional espainolean sartzeko ezarriko diren erritmo eta sendotasunaren araberakoa izango da, eta gogotsu dagoela ezin ukatu.
Azkenik, laugarrena, hemen ikusitakoak Urtarrilaren 30eko greba bultzatu duten indar sindikal, herrikoi, kultural eta politikoen gehiengoa presionatu dezake, datorkiguna, udaberri gorri bat beharrean, urte triste eta gris soil bat izan dadin. Apirilaren 5eko hauteskundeetako emaitzek zentzu negatiboan eragin dezakete, geldiarazlea, edo 2010era arte mantendutako bidea berrartuko duen indar iraultzailea eraikitzeko bultzada izan daiteke, une honetan zehaztapen gehiagorik ez daukana. Baino honetaz eta etorkizuneko ikuspegiez hauteskunde osteko azken atalean hitz egingo dugu.
Azpimarratu nahi dugu hemen jokoan dagoena, sozialismora bideratutako langile klasearen independentzia politikoa garatzea, edo, mundu mailako eta euskal herriko kapitalismoaren egungo testuinguruan, erdi mailako burgeseriarekin paktu egonkorrak egitera zuzenduriko klasearteko dependentzia politikoa mantentzea dela. Greba Orokorraren aurretik, eta iraun zuen bitartean egindako adierazpenek, biztanleriaren % 80a osatzen duen langile klasearen ofentsibazko estrategia soziopolitiko batera itzulera iragartzen zuten, burgesiari honako oharra edo mehatxua luzatuz: Herriari biolentzia ezberdinen bidez lapurtutako eskubide sozial eta demokratikoak itzuli ezean «udaberri gorrian» sartuko garela.
Bere kabuz, eta ez badu erreformismo politiko zein sindikalak edo errepresioak geldiarazten, klase borroken dinamikak helburu demokratiko erradikalak izan oi ditu, eta helburu horiek aurrerago etor daitekeen sozialismoaren aurrerabidea bultzatzen dute. Joera objektibo hau ez bada mila modutara saboteatzen, politikoki bultzatzen bada, litekeena da egungo kontraesanen aurrean herri langileriaren independentzia politikoa indartzea. Duela bi bosturteko arte independentzia politikoaren lanketa etengabea izan da ezker abertzalean, orokorrean teorizatua, eta formulazio ezberdinen bidez adierazia. Independentzia politikoa oinarrizkoa da klase mailako independentzia nazionala eraikitzeko. Berreskuratzea eta egungo kapitalismoaren presiopean praktikatzea ezinbestekoa dira. Ikusiko dugu, ea Greba Orokorrarekin zabaldutako bideak indarra hartu edo bertan gelditzen den, edo okerrenean jarrita, txapela duen «Etxe komunerantz» emango den atzera pauso baten aurrean etsipenezko ameskeri hutsa den.
Aurrerantz
Euskal Herria, 2020ko martxoaren 13an