Covidaren aitzakiapean espainiar kartzeletan preso daudenen eta euren familien aurka hartzen ari diren neurri berrien aurrean, Tinkok honakoa adierazi nahi du:
Beste batzuetan esan dugun moduan, zapaltzen gaituzten gobernu ezberdinak hartzen ari diren neurri gehienek askoz zerikusi handiagoa dute eskubideen murrizketarekin eta propagandarekin (musukoa kaletik berriz eraman behar izatea, adibidez), osasun arrazoiekin baino.
Kalean genituen eskubideak gero eta murritzagoak dira, eta kalean gertatzen denaren ispilu are eta bortitzagoa da kartzela. 2020ko konfinamendutik orain arte etengabeak izan dira presoen aurkako erasoak. Hilabeteak aktibitaterik gabe, bisitarik gabe, askotan medikurik gabe (osasunaren izenean artatuak izateko eskubidea ere kendu zieten)… Hilabete luzez itxaron eta gero aurrez-aurreko bisitak berreskuratu zituztenean, haietako bakoitza eta gero presoak isolatzen aritu dira.
Azken hilabeteotan eskubide murrizketa horiek borrokak eragin dituzte presoen partetik. Ibai Aginagak gose eta egarri grebari ekin zion aurrez-aurreko bisita bat izan eta gero, PCR froga egin ziezaioten eta isolamendutik atera zezaten, Basauriko kartzelan.
Dani Pastorrek ere gose grebari ekin zion. Isolatu zuten, libururik, telebistarik edo irratirik gabe Zuerako kartzelan. Borroka honen bitartez kartzelaren konpromisoa lortu zuen isolamendutik atera zezaten.
Pasa den asteburuan, Patxi Ruizen lagunak bisitarik gabe gelditu ziren Leonera bidaiatu eta gero, bisita mota guztiak bertan behera utzi dituztelako.
Palentziako kartzelan bertan behera utzi dituzte aurrez-aurreko bisitak, momentuz kristala atzeko bisitak mantentzen dituzten arren.
Basaurin eta Zaballan bisita mota guztiak mantentzen dituzte, eta Martuteneko kartzelan soilik lokutorioetakoak, betiere covid ziurtagiria izanez gero. Bestela ez dago bisita burutzerik, era horretan presoen bisita eskubidea urratuz eta euren hurkoekin mantentzen dituzten harreman-hari gehiago moztuz. Hauek kartzeletan PNVren eskutik etor daitekeenaren lehenengo urratsak baino ez dira.
Birusaren aitzakiapean eskubide guztiak murriztu eta batzuetan ezabatu dituzte kalean, eta kartzelan ia ezer gabe utzi dituzte. Denak balio omen du presoen aurka, batez ere inork ikusten ez duelako barruan zer gertatzen den. Neurri hauek, osasun irizpideetan oinarrituta egotetik urrun, kontrol soziala areagotzeko bitartekoak dira.
Krisi ekonomiko egoera larri batean, gero eta pobreagoak garen honetan, protesta, antolatze eta borrokatze eskubidea bertan behera uztea da bilatzen dutena. Eta norabide horretan kartzeletako egoera are eta kaxkarragoa bihurtzea sartzen da, hori baita zapalkuntzaren aurrean altxatzen direnentzako prest daukaten tokia.
Kartzelak, inor birgizarteratzeko lekuak izatetik urrun, langileria azpiratzeko eta, oso bereziki, preso politikoen borondatea makurrarazteko tokiak baino ez dira. Hau guztia burgesia eta oligarkia osatzen duten bizkarroi horien interes eta pribilegio sozio-ekonomikoak bortizkeriaren bidez defendatzeko.
Errepresioaren aurrean eta amnistiaren alde antolatzeko deia egiten du Tinkok. Borrokak askatuko gaitu!