Ikasle Abertzaleak antolakundeak Hego Euskal Herrian deitutako ikasle grebaren harira zipaioek eta unibertsitateko segurtasun pribatuko kideek grebalarien aurka burutako erasoen aurrean, tartean burututako 30etik gora atxiloketak, Tinkok honakoa adierazi nahi du:
1. Gure antolakundeak bat egiten du grebalarien aldarrikapenekin, izan ere sistema kapitalistak hezkuntza erabiltzen du burgesiaren behar ekonomiko eta produktiboak asetzeko, eta ez jendearen gaitasun kritikoa zein beharrizan intelektualak eta sozialak asetzeko. Hain zuzen ere horregatik, hezkuntza sistema elitizazio prozesu batean murgilduta dago, zeinetik gero eta jende gehiago gelditzen ari den ikasteko aukeratik kanpo, nola ez, bitarteko ekonomiko gutxien dituztenen kaltetan.
2. Gure babes osoa helarazten diegu burgesiaren txakurren partetik errepresioa pairatu duten guztiei eta atxilotuen berehalako askatasuna exijitzen dugu. Era berean haien aurka abiatutako prozesu judizialak etetea galdegiten dugu.
3. Oraingoan ere agerian gelditzen da zein den poliziaren benetako papera gizartean. Edozein grebatan, edozein etxegabetzetan, edozein manifestaziotan eta bizitzako edozein esparrutan, boteretsuen interesak defendatzeko eta pobreen miseria betikotzeko lanean egongo dira. Burgesiaren armada dira, eta langileoi gure kabuz antolatzea eta autodefentsa gauzatzea dagokigu.
4. Tinkok bat egiten du Ikasle Abertzaleak antolakundeak errepresioa salatzeko gaurko deitu duen mobilizazioarekin (Gasteizko Andra Zuriaren Plazan 19:30ean), baita egunean zehar arrazoi beragatik Euskal Herriko beste txokotan egingo lituzkeenekin, hala erabakiko balu.