Berangoko Amnistiaren Aldeko Mugimendutik gogor salatu nahi dugu martxoaren 13an herrian gauzatutako ongi etorriaren harira etsaiaren aldetik heldutako jazarpena eta errepresioa. Jakina da bai Espainiak eta baita Frantziak ere Euskal Herriaren azken aztarna desagerraraztea dutela helburu, eta horrekin batera noski, azken aldian hainbeste entzuten den memoria historikoa ere. Horretan datza hain zuzen ere Berangoko hiru militanteen kontrako kanpaina hau. Ezin baitute onartu herri antolatu batek merezimendu osoz Eusko Gudari bati egindako harrera. Azken garaietan euskaldunen artean ongi etorrien inguruan sortu den eztabaida bera oso kezkagarria da. Hots, zapaltzen gaituzten espainiar eta frantziar estatu faxisten legediaren onarpenaz ari garelako. Eta horrekin batera, berriro ere subjektu politikoa etsaien esku uzten dugu; gurea, Euskal Herri askea dena, defendatu beharrean. Ongi etorri politikoen beharra aldarrikatzen dugu honekin, ez soilik askatasuna berreskuratu berri duen militantea omentzeko baizik eta Herria berarentzako gudari bat duintasun osoz etxera bueltatzeak, etsaiarekiko garaipena dakar berarekin eta baita Amnistiaren aldeko borrokaren garrantzia. Amnistiaren aldeko militanteontzako negoziaezina da gatibu eduki dituzten kideen harrera bere gain jasotzea eta horregatik ekitaldi politiko hauen beharra ikusten dugu Euskal Herriko eremu guztietan. Amnistiaren aldeko aldarria orain dela hamarkada asko errotuta dagoela Euskal Herrian, eta gure teilatu propioari harriak botatzea izango zen aldarri honen desagerrarazpena. Amnistia osoak errepresaliatu ororen askatasunaz haratago doan esanahia dauka. Borrokaren zilegitatzea hain zuzen ere. Eta guk ez daukagu inolako eskubiderik borrokatu dutenen milaka militanteen izena zikintzeko baina bereziki ez daukagu eskubiderik hurrengo belaunaldiei, borroka, konpromiso eta antolakuntzaren ateak ixteko. Eta azken honetan datza hain zuzen ere etsaiak betidanik mahai gainean jarri duen legearen onartzeak. Espainiar zein Frantziar legearen onartzeak kriminal zein terrorista bihurtzen baikaitu berehalakotasunez. Egun Euskal Herriak bizitzen duen despolitizazio prozesuak ere eremu berdinetara garamatza; eta kasu honetan ere, beste askotan bezala, isilik mantentzea Herriaren zapaltzaileekiko konplizitatea dakar berarekin. Politikoki erantzun behar diegu. Guzti hau esanda, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Berangoko hiru militante politikoei eta hemendik aurrera, ongi etorri politikoen garrantzia ikusita, hauek defendatu, bultzatu, eta antolatzeko konpromisoan berrezten gara.
Errepresiorik Ez! Amnisita Osoa!
Euskal Herrian, 2022ko abuztuaren 19an