Agiria eta argazkiak
2022ko Martxoaren 13an Ibai Aginaga Berangoko euskal preso politikoari egindako ongi etorrian parte hartzea leporatuta, 17 pertsona prozesatu ditu Espainiako Audientzia Nazionalak. Bertako fiskaltzak honako eskaera gogor hauek egin ditu:
-36 urte baino gehiagoko espetxe zigorrak.
-171 urteko inhabilitazioak.
-75900 euroko isunak.
Nahiz eta hasiera batean, eta inork eskatu gabe, ongi etorri ekitaldia baimendu, gerora auzia zabaldu eta orain 17 pertsona prozesatu egin ditu Ismael Moreno epaileak. Nola ez, zirkulu faktiko horietan mugitzen diren komunikabide ezberdinen propaganda izan ditu lagun, hala nola Covite eta Fundación Villacisneros talde faxistena ere.
Beste behin esango dugu auzi honetan argi geratzen dela hau ez dela ongi etorri ekitaldi baten kontrako auzia, militantzia politikoaren aurkako auzia baizik eta, beraz, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen kontrakoa. Antolakuntza, biltze eta manifestatzeko eskubideak dira auzitan jartzen ari direnak.
Hau oso argi ikusten da espainiar polizia ezberdinen txostenetan. Guardia Zibilak, Polizia Espainolak zein Ertzaintzak egindako txosten horietan agerian geratzen da hainbat eragile politiko zein militanteren aurkako jazarpena zein kontrola.
Asimilazio politiko erabatekoa pairatzen ari garen garaiotan, zeinean instituzioetatik kanpoko edozein praktika kriminalizatzen eta zigortzen ari diren, Estatuen biolentzia estrukturalaren aurka agertzea eta antolatze soila delitu bihurtu nahi dute.
Mobilizazio hau deitu dugun auzipetuok amnistia osoaren aldeko aldarria egiten dugu askatasun baldintza minimoak ezartzeko abiapuntu gisa. Kartzelan zein kalean dauden militante politikoen aurkako neurri errepresibo guztiak bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen dugu aipatutako minimo horiek eskuratzeko orduan, militantzia motaren araberako inolako diskriminaziorik egin gabe.
Era berean, Euskal Herriaren nazio zapalkuntza eta klase zapalkuntzaren etena ere barnebiltzen du guk defendatzen dugun amnistiak, autodeterminazio zein klase independentziarako eskubideetan oinarrituta.
ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN DEFENTSAN, AMNISTIA OSOA!