Agerraldi indartsu bat izan da gaur goizean Bilbon (Bizkaia), Arriagaren pareko eskaileretan, mobilizazio-deialdi baten berri emateko. Izan ere, manifestazio bat antolatu dute elkarrekin Euskal Herriko hainbat kolektibok eta pertsonak, berriki izan diren errepresio kasu ugarien ostean. Ekainaren 20an izango da «eskubide zibil eta politikoen» aldeko manifestazioa, Bilbon bertan.
Protestaren bidez, Ertzaintzaren bortizkeria eta inpunitatea gaitzestea da asmoa, bai eta, horren eskutik, biktimen eta antolakunde politiko eta sozialen aurka Eusko Jaurlaritzak hartzen duen jarrera kriminalizatzailea salatzea ere, seinalamendu-kanpaina horri «amaiera emateko». «Mobilizazio honekin asmo argi bat daukagu: herri-mugimenduaren aurkako kriminalizazioa amaitzea eta inpunitateari mugak ipintzea», aldarrikatu dute. «Herri-mugimenduko kide eta eragileen aurka abian diren ehunka prozesuak bertan behera» gera daitezela exijitu dute, eta mobilizatzeko deia luzatu diete «egungo egoera kezkaz bizi duten guztiei».
EAJ eta Ertzaintza, herri-mugimenduen aurka
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak duen erantzukizuna azpimarratu dute, bere eskumenekoa baita Ertzaintza, eta ohikoa baita Segurtasun sailburuak adierazpen kriminalizatzaileak egitea ertzainek modu biolentoan jardun ondoren, agerraldian seinalatu dutenez. Ertzaintzaren jardunbide bortitzei «kriminalizazio-kanpainekin erantzun diete EAJk eta Bingen Zupiria sailburuak, Ertzaintzaren aurkako gorroto irrazionala dagoela eta bizikidetza-arazoak daudela» esanez, baina horri buelta eman diote prentsaurrekoan bildu direnek: «Uste dugu justu kontrakoa ari dela gertatzen eta begi- bistako arazo bat dagoela: herri-mugimenduen aurkako gorrotoa dago EAJren eta Ertzaintzaren aldetik, eta kriminalizazioa zein biolentzia polizialaren areagotzea horren lekuko dira». Horiek horrela, «oso kezkagarritzat» jotzen dituzte Jaurlaritzaren eta Zupiriaren jarrerak, «herri-mugimendua kriminalizatzen eta Poliziaren gehiegikeriak zuritzen ari baitira».
Uste dute, dena den, «akatsa» dela eztabaida «polizia-ereduan» zentratzea. Bi arrazoi nabarmendu dituzte: «Batetik, poliziaren gehiegikeriei aurpegia zuritzeko ariketa bilakatzen delako; eta bestetik, Poliziaren egiturazko funtzioa sistema kapitalista eta bere instituzioak defendatzea delako». Eta gaineratu dute: «Horregatik gertatzen dira hainbeste talka Euskal Herrian, ez iraganeko gomutak direla eta: Euskal Herrian kapitalismoaren injustiziei aurre egiten dien herri-mugimendu zabala dagoelako. Azken finean, jokoan dagoena zera da: zenbateraino daukagun marjina kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriei erantzuteko».
Ondokoak dira mobilizazioaren deitzaileak:
-
Euskal Herriko Global Sumud Flotilla. Maiatzaren 23an, Loiuko (Bizkaia) aireportuan, Ertzaintzaren karga bortitzak jasan zituzten flotillako kideek eta haiei harrera egiten ari ziren pertsonek. Horren ondoren, ongietorrian zeuden lagunen partetik «probokazioak» izan zirela esanez desenkusatu zuen Polizia Bingen Zupiriak.
-
Amaia Zabarte. Ertzaintzak 2024ko martxoan zauritu zuen Donostian1, (Gipuzkoa) Realaren partida baten aurretik, buruan foam jaurtigai batekin jota. Lurrean zauriturik zegoela, ostikada bat eman zion ertzain batek. Poliziaren erabateko inpunitatea nagusitu da oraingoz, epaileak birritan artxibatu baitu auzia2. Zauritu gehiago izan ziren gau berean.
-
Justizia Aranarentzat plataforma. 2025eko apirilaren 3an, Bilboko Etxarri II Gaztetxearen desalojoan, hainbat pertsona zauritu zituen Ertzaintzak, tartean, Iker Arana: foam jaurtigai batekin jo zuten eta testikulu bat galdu zuen horren ondorioz3. Inpunitate polizialari kontra egiteko sortu zuten Justizia Aranarentzat4. Desalojoa izan zen egun berean, zenbait gazte atxilotu eta jipoitu zituzten ertzainek5.
-
Errekaleor Bizirik. Joan den maiatzaren 14an, Ertzaintzak bultzatutako eraso bat jasan zuten Gasteizko Errekaleor auzoan: kale-egoeran dauden hainbat pertsonak eraso zieten auzokideei, Ertzaintzak hara joateko esan eta nolabaiteko babesa eman ostean, eta larriki zauritu zuten bizilagun bat6. Horren ondoren, gertakariak baliatu dituzte eskuin muturreko taldeek eta hedabideek, Errekaleorren eta okupazioaren kontrako diskurtsoa eta mezu arrazistak indartzeko7. Zenbait aste lehenago auzora joan ziren Voxekoak8.
-
Gazte Koordinadora Sozialista (GKS). Etengabeko kriminalizazio-kanpaina jasaten du GKSk, bai Jaurlaritzako ordezkari politikoen aldetik bai komunikabideen aldetik. Bere hainbat protesta-ekintzatan kargatu du Ertzaintzak, gainera: Gasteizen, adibidez, txosnetako beto politikoaren aurkako kanpaldia zapaldu zuten iaz ertzainek9, hainbat gazte zaurituz eta atxilotuz; eta, emantzipatzeko eskubidearen aldeko ekintza batean, bortizki kargatu zuten dozenaka pertsonaren aurka10.
-
Azpeitia Errepresioaren Aurka. 43 azpeitiar daude ikerketapean, Voxen aurkako protesta bat eta «ACAB» zioen margoketa txiki baten harira sortutako muntaia mediatiko bat tarteko. «Errepresioaren aurka klase-elkartasunez erantzuteko» sortu zuten plataforma11.
-
Herri Norte Taldea. Luzea da Athleticeko zaleek jasaten duten errepresioaren kronika: Ertzaintzak klubari emandako zerrenda beltzak, miaketak, futbol-zelaietara sartzeko debekuak, isunak, kolaborazio-eskaerak… Erreportaje honetan jaso genituen hainbat kasu12.
-
Bultzada Txuri-urdina. Harmailak aldarri politikoak egiteko leku gisa ulertzen dituzten zale-taldeek jasaten duten seinalamendu etengabearen beste aurpegi bat da realzaleen Bultzada. Aitor Zabaletaren oroimenezko tifoaren debeku saiakerak13, kriminalizazio mediatikoa…
-
Iraultza 1921. Jomugan dagoen beste zale-talde bat da Iraultza 1921. Miaketak eta materialen konfiskatzea salatu zituen urtarrilean14, eta maiatzaren 23an Ertzaintzak alaveszaleen kontra kargatu15 ostean, fokua Iraultza 1921 taldean ipini zuen Zupiriak16, hura kriminalizatuz.
-
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Urte osoan zehar, hamaika etxegabetzeri aurre egiten die sindikatuak Euskal Herri osoan, eta polizia-indarren kargak, jipoiak eta atxiloketak jasaten ditu horregatik, behin eta berriz. Berriki jakinarazi du 32.000 euroko isunak ezarri dizkiotela urtebetean baino gutxiagoan17, etxebizitza-eskubidearen alde borrokatzeagatik.
-
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea. Etxebizitza Sindikatuen Sareak ere etxe-kaleratze ugariri egiten die aurre Euskal Herrian, eta horregatik, etenik gabe pairatzen ditu Poliziaren errepresioa eta isun handiak.
-
Mbolo Moye Doole. EAEko kale-saltzaileen elkarteak hainbatetan salatu du kolektibo hori etengabe jazartzen duela Poliziak: aurten, kale-saltzaileen aurkako sarekada egin zuten udaltzainek eta ertzainek Bilbon (Bizkaia). Azken urteotan ere, Poliziak etengabe identifikatu, miatu, lapurtu, kontrolatu eta jipoitu ditu kale-saltzaileak.
2026eko ekainaren 6
-

https://gedar.eus/aktualitatea/ertzaintzak-larriki-zauritu-zuen-pertsona-bat-astearteko-kargetan-donostian
-

https://gedar.eus/aktualitatea/amaia-zabarteren-kasua-itxi-du-epaileak
-

https://gedar.eus/aktualitatea/ertzaintzak-errekalden-zauritutako-gazteetako-batek-testikulu-bat-galdu-du
-

https://gedar.eus/aktualitatea/justizia-aranarentzat-plataforma-aurkeztu-dute-bilbon
-

https://gedar.eus/aktualitatea/hiru-ertzain-ikerketapean-bilbon
-

https://gedar.eus/aktualitatea/ertzaintzak-bultzatutako-eraso-bat-salatu-du-errekaleorrek
-

https://gedar.eus/aktualitatea/errekaleorrek-elkartasuna-aldarrikatu-du-faxismoaren-eta-gehiegikeria-polizialaren-aurrean
-

https://gedar.eus/aktualitatea/voxen-astetako-kanpaina-errekaleorren-aurka
-

https://gedar.eus/aktualitatea/gasteizko-txosnetako-beto-politikoaren-aurka-kanpaldia
-

https://gedar.eus/aktualitatea/gasteizen-jasandako-polizia-jazarpena-eta-alderdi-politikoen-isiltasuna-salatu-ditu-gksk
-

https://gedar.eus/aktualitatea/azpeitia-errepresioaren-aurka
-

https://gedar.eus/aktualitatea/errepresioa-athleticeko-zaleen-aurka-kronika-amaigabe-bat
-

https://gedar.eus/aktualitatea/aitor-zabaleta-oroitzeko-tifoa-debekatu-nahi-du-realak
-

https://gedar.eus/aktualitatea/alaveszaleon-eskubideak-errespetatu-exijitu-du-iraultza-1921ek
-

https://gedar.eus/aktualitatea/atzo-alaveseseko-zaleen-aurka-ere-kargatu-zuen-ertzaintzak
-

https://gedar.eus/aktualitatea/iraultza-taldea-kriminalizatzen-jarraitzen-du-zupiriak
-

https://gedar.eus/aktualitatea/32 – 000-euro-isunetan-etxebizitza-eskubidearen-alde-borrokatzeagatik